Egungo euskal artea
Ariketa honetan, nire estiloa aurkitu dut. Ohiko koadrotik irtetzen saiatu behar genuen, kasu honetan margotutako bi lagunak koadrotik kalera irtetzen diren bezala. Esanahi asko izan ditzake, edo irakurketa asko. Badirudi, koadro batean dagoen koadro batetik irtetzen ari direla. Espazio batean dagoen beste espazio batetik, eremu zabalera doaz. Aurreko lanean kanpora begira ari ginen, oraingoan aldiz kanpora goaz.
Nire estiloa izan daitekeenarekin aurkitu naizela uste dut, tela zatiak, testura ezberdinak sortzen dituzten objektuak oihalean itsatsi ditut, intuitiboki aukeratuak eta bapatean antolatuak. Ondoren objektu guztiak akriliko txuriarekin egindako lausodura ezberdinen bidez berdintzen ditut. Guztia lehortu delarik, lur itzal xigortua  eta beltza koloreak nahasiz eta medio askorekin nahasten ditut, kasu honetan linaza olioa eta trementina erdi eta erdi erabili nuen (lehortzen nahiko denbora eman zuen). Zapi batekin kuadroaren gainazal osoa zikintzen dut, textura gehiago eta aberatsagoak sortzen direlarik. Azkenik, landutako gainazal honen gainean, irudia markatu eta lausodura fin eta xume batzuen bidez irudia ateratzen da. Irudi aberatsa eta informazioz betea.

Pertsonaiak ilunetik argira doaz, gustuko ditudan lur koloreak izan dira nagusi lan honetan ere.
 
Izenburua: Kalera!!
Neurriak: 100x65 zm
Teknika: Olioa
Data: 2003ko udazkena