Egungo euskal artea
Margo honekin, askatasunaz gozatzen hasi naiz. Pinturarekiko harremana lantzen. Behin lehen koadroarekin rodajea egin eta honi beste indar batekin ekin diot.

Oinarri gisa aurretik egindako argazki bat erabili dut. Oraingoan ez dut zirriborroetarako denborarik izan. Proiektorea hartu eta zaldia marraztu dut. Moxala zuzenago izateko. Ondoren pinturarekin lanean aritu naiz. Leizezulo antzeko giro batean kokatu nahi izan dut moxala, hondo horretan Santimamiñeko harpeetan margotutako zaldiaren irudia kokatuz. Iragana eta oraina, zaldia eta moxala. Esanahi handiko irudiak dira zaldiak. Kasu honetan moxala aurrez aurre begira ari zaigu, bakoitzarentzako esanahi berezia izango du begirada horrek, guztientzako naturako izaki batekiko harremana izango da. Izadia bere era basatian erakusten duen harremana. Ispilu bat nahi al du inork?

Hasiera batean, pintura oso urtua erabili dut. Pintura honen gainean aguarrasa eta pinturarekin ixuriak sortzen aritu naiz. Leku batzuetan pintura gehixeago utzi eta besteetan aguarrasaz pintura kendu. Bastidorearen posturak aldatuz ixuriak kontrolatzen saiatu naiz. Hondoan, halako zipriztin batzuek erabili ditut, kasu honetan trementina gutxiago eta pintura gehiago erabiliz. Ondoren pintura kapa gehiago jartzeari ekin diot. Une batzuetan guztiz desmadratu naiz, ezin ditut une hauetan egindako guztiak aipatu. Hondoan, pintura lodiagoa erabili dut, pintzelkada bera ere askatzen saiatu naiz. Pintura pegoteak, pintzelkadak, pintura lehortzen ari dela trapu batekin igurtzi, pintura bustian trapuaz igurtzi… Zergatik? Bapatekotasuna, inpulso bat, unea.

Koloreek lurrera eramaten gaituzte, gorritasunez beteriko lurrera. Arroxak, gorri ilunak, xuriak, beltzak… Konposaketa, argia, irudi nagusia moxala izatea nahi dut, hondo bat eta hondo horretan zaldia, ez dut besterik behar.
 
Izenburua: Oraindik irrintzika
Neurriak:100x81 zm
Teknika: Olioa
Data: 2003ko udaberria